Zinhezba

Egindako lanak

Pozik gaude: hauxe hirugarren urtea da, 2004ko ekainean Montehermoso Kulturunean esperientzia berria egin zenetik: Zinema eta Giza eskubideen Ikasgelak, Gasteizko Ikus-Entzunezko Jaialdiaren barnean. Gaur egun, Europar Zine Berriaren Jaialdia, NEFF, esaten zaio. Hasieran, jarduera lau egunez egin genuen eta, orain, eskola-egutegi osoan ari gara. Hasiera hartan, Gasteizen egin genuen eta, gaur egun, beste bost udalerritan ere ari gara: Bilbon, Getxon, Amurrion, Laudion eta Agurainen. Horrek guztiak erakusten du zinemaren bidez adierazitako Giza Eskubideen aldeko interesa baduela hezkuntza munduak eta, era berean, erakunde ofizialek, hau da, Eusko Jaurlaritzak eta toki erakundeek, ekimen honen alde agertzeko sentsibilitatea dutela.

Ikaskuntza eta lan atsegin-atsegina izan da haur eta nerabeei zinema ona erakustea, ikastetxeekin elkarlanean aritzea eta udal teknikariekin harremanetan sartzea, Zinema eta Giza Eskubideetan oinarritutako heziketa gauzatzeko, Zinhezbak heziketa horretaz duen ikuskerarekin bat.

Ikasgelez gain, beste bi jarduera ere aipatu nahi ditugu:

Lehenik eta behin, Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldia, emakumea eta genero-indarkeria gaia landu zuena. 2006ko azaroaren 14tik 23ra egin zen, NEFF jaialdiaren barnean eta Gasteizko Udalaren Berdintasuna Sailarekin elkarlanean. Zinhezba filmak programatzeaz eta koordinazioaz arduratu zen.

Bigarrenik, esperientzia berria azaldu nahiko genuke: Arrazakeriaren kontra sentsibilizatzeko programa. Esperientzia pilotua izan da Getxoko bi ikastetxetan, 2007ko lehen hiruhilekoan, eta Arrazakeriaren kontrako egunean eman zitzaion bukaera, martxoaren 21ean. Jarrera xenofoboei eta arrazistei aurrea hartzeko beharra agertu ziguten Bigarren Hezkuntzako bi ikastetxek, -Fadura eta Julio Caro Baroja institutuek, zehazki-, eta esperientzia horren bidez eman genien erantzuna. Getxoko Udalaren Inmigrazio Sailak koordinatu du lana.

Azkenik, aipatu nahiko genuke Kultur Elkarte gisa eratu garela Katalunian: horra hor gure hurrengo helmuga 2007-2008 ikasturterako.