Zinhezba
Giza Eskubideak > Eskubideak munduan eta toki bakoitzean errespetatzea

Giza Eskubideak

Mafalda

Eskubideak munduan eta toki bakoitzean errespetatzea

Eskubide zibil eta politikoak
Arlo horretan erdietsi den lorpenik handiena esklabotasuna ezeztatzea izan da, mundu osoan jarduera hori egiteko debekua betetzen den neurrian behintzat. Aipaturiko debekua 1956ko irailaren 7ko nazioarteko hitzarmen baten bidez ezarri zen. Hala ere, gaur egun herrialde askotan oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa eta masiboa da: torturak, desagertzeak, legez kanpoko atxiloketak, presoei tratu txarrak ematea, emakumeen bazterketa eta abar.

ONUren ahaleginak
Berez, nazioarteko komunitateak hartu behar luke bere gain bortxaketa horiek salatzeko eta beharrezko neurri eraginkorrak hartzeko ardura, ONUren bitartez (horren helburu nagusia giza eskubideen babesa eta sustapena baita), oinarrizko askatasunak errespetatzen ez dituzten gobernuek beren jokabidea zuzen dezaten. Baina, jakina, erakunde horrek ezingo du ezertxo ere lortu, baldin eta askatasun horiek errespetatzen dituztela dioten herrialdeek laguntza material eta morala ematen ez badiote. Esperientziak erakusten digunez, nazioarteko erakundeek giza eskubideak errespetatzen ez dituzten gobernuei presioa egitea oso neurri eraginkorra izan daiteke herrialde horiek giza eskubideen arloan beharrezko berrikuntzak egin ditzaten.

Herritarren ekimenak
Oinarrizko askatasunak sendotzeko beren borondatez zerbait egin nahi duten herritarrek gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) aukeratu ohi dituzte horretarako; adibidez Nazioarteko Amnistia, Nazioarteko Gurutze Gorria edo beste hainbat, erakunde horiek munduko herrialde askotan ari baitira lanean, eskubide horien bortxaketak salatzen eta biktimei laguntzen.

Gosea
Bigarren belaunaldiko eskubideei dagokienez, honako xehetasunak nabarmendu behar dira. Hirugarren Mundua esaten diogun horretan milioika lagun daude bizirik irauteko gauzarik beharrekoenak ere ez dituztenak. Janari falta, sendatzeko moduko gaixotasunak ezin sendatzea eta analfabetismoa dira munduko arazo nagusietako batzuk. Miseria da munduan gertatzen diren heriotzen arrazoi nagusia, nahiz eta, teknikoki, denon gutxieneko premiak betetzeko aukerak egon. Baina arazoa morala da, ez teknikoa. Azken batean, gizakien arteko elkartasun-ezagatik gertatzen da hori. ONUk badu gosearen arazoari aurre egiteko agentzia espezializatu bat : FAO (Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea). Arlo horretan badira goseari aurre egiteko proiektuak bultzatzen dituzten GKE ugari: Esku Elkartuak, Ayuda en Acción, Intermón, Cáritas eta abar.

Lan-baldintza ezin txarragoak Gaur egun herrialde askotan badira pertsona asko eta asko, tartean ume ugari, lan-baldintza guztiz osasungaitzetan lan egin behar izaten dutenak, egunean hamabi ordu edo gehiago sartuz, gizarte-segurantzarik edo langabeziarako laguntzarik gabe, eta ia-ia batere eskubide sindikalik gabe. Herrialde aberatsek ez dute hori gertatzeko eragozpenik jartzen, haien enpresak berak baitira herrialde horietan eskulan merkea eta erraza aurkitzen dutenak. Herrialde aberatsetako sindikatuek bai, protesta egiten dute, besteak beste era horretako lanak hartzeak Lehen Munduan lanpostu askoren galera sortzen duelako. Ginebran (Suedia) egoitza duen Lanaren Nazioarteko Erakundea (LANE) ONUren gidaritzapean ari da lanean era horretako arazoei irtenbidea bilatzeko. Hala ere, erakunde horretako herrialdeak arazo horiek konpontzeko beharraz erabat jabetzen ez badira, erakunde horrek bakarrik ezer gutxi egin ahal izango du. Bakea eta oreka ekologikoa: premia-premiazkoa da elkartasunezko irtenbide bat bilatzea hirugarren belaunaldiko eskubideei dagokienez; salatu beharra dago herrialde aberatsenetako gobernuek ez dutela erabateko konpromisoa hartu kutsadura eta arma-trafikoa kontrolatzeko. Hori dela-eta, enpresa handiek kutsadura sortzen jarraitzen dute eta herrialde pobreetako gerra-gatazketan ari direnek erraz asko aurki ditzakete gerran jarraitzeko behar dituzten armak. Hala eta guztiz ere, ONUren agentzia batzuk eta GKE ugari sekulako ahalegina egiten ari dira natur ingurunea babesteko (ADENA, Greenpeace eta abar) eta beste erakunde batzuk gerra dagoen lekuetatik ihesi doazen errefuxiatuez arduratzen dira (ACNUR, Mugarik gabeko Medikuak, Munduko Medikuak eta abar)

Giza eskubideen aldeko ekintza

Geure ingurunean Batzuetan gu geu gara inguruan ditugun pertsonen eskubideak urratzen ditugunak, edo isildu egiten gara beste batzuek hori gure aurrean egiten dutenean. Badira etxekoandre batzuk beren familiako gainerako kideen mespretxua eta ia-ia esklabotasuna jasan behar dutenak. Ume batzuek beren ikaskideen bazterketa eta tratu txarrak jasan behar izaten dituzte. Batzuetan pertsona batzuei utzi egiten diegu eskolako materiala edo beste norbaitenak diren gauzak hondatzen, bidegabekeria bat egiten ari garela pentsatu gabe. Beste batzuetan, berriz, ingurumena zaborrez, zarataz edo kez kutsatzen dugu eta ez gara ohartzen denon eskubideen aurkako zerbait egiten ari garela. Hitz gutxitan, giza eskubideak defendatzeko lehenengo guk geuk errespetatu behar ditugu, gure ingurunean bertan, eta geure buruari galdetu ze bidegabekeria egiten edo onartzen ditugun eta zer egin behar dugun egoera hori nolabait hobetzeko.

Giza eskubideen aldeko ekintzarako jardunbide orokorrak

Giza eskubideak gure ingurunean bete daitezen erne egoteaz gainera, horiek estatuan eta nazioartean sustatzeko egin litezkeen lanetako batzuk adierazi nahi dizkizuegu jarraian:

1. Horien berri ematea: pertsona guztiei ezagutaraztea, beraiek aldarrika ditzaten, eta eskubideak babesten laguntzea.

2. Agintariei eta partikularrei horiek betetzeko exijitzea, horretarako dauden legezko bide guztiak erabiliz: protesta-gutunak, sinadura-bilketa, manifestazioak eta abar.

3. Elkarteak sortu eta horien alde lanean ari diren boluntarioen erakundeetan parte hartzea.

Itzuli