Giza eskubideak pixkana-pixkana aitortu eta onartu dira historia zehar, oraindik amaitu ez den ikaskuntza moraleko prozesu baten bitartez. Prozesu horretan bereiz ditzakegun hiru aldi edo aro nagusiei giza eskubideen "hiru belaunaldiak" esaten diegu.
Lehen belaunaldia: Askatasunerako eskubideak
"Lehenengo belaunaldia" eskubide zibil eta politikoena da. XVI. mendearen hasieratik burgesia Antzinako Erregimenari aurre egin eta honako eskubideak aldarrikatzen hasi zen: bizirako eta segurtasun fisikorako eskubidea, pentsatzeko eta iritzia askatasunez adierazteko eskubidea, norberaren herriko gobernuan parte hartzeko eskubidea, legezko arrazoirik gabe atxilotua ez izateko eskubidea, inpartzialtasun-bermeekin epaitua izateko eskubidea, jabetza izateko merkataritzan askatasunez jarduteko eskubidea eta abar. Oro har, esan dezakegu eskubide horiek oinarrizko balio moral bat dutela gidari: askatasuna.
Bigarren belaunaldia: berdintasunerako eskubideak
"Bigarren belaunaldia" eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei dagokie; adibidez, lanerako eta bidezko soldata izateko eskubidea eta etxebizitza, osasuna, hezkuntza, kultura, erretiro-saria eta abar izateko eskubidea. Eskubide horiek batez ere langileen mugimenduak aldarrikatu ditu azken mende hauetan. Horien bidez benetako laguntza edo babesa eman nahi zaie lehenengo belaunaldikoei; izan ere, eskubide zibilak eta politikoak nekez erabil daitezke, gutxieneko sarrera ekonomiko batzuk, gaixotasunei aurre egiteko laguntza edo gutxieneko kultura-maila izan ezean.
Era horretako eskakizunak onartu ahala pentsamolde berri bat zabaltzen hasi zen; horren arabera, estatuaren eginkizuna ez zen besterik gabe ordena publikoa eta kontratuak betetzea, baizik eta modu positiboan jardutea, lehenengo belaunaldiko eskubideak bakar batzuen mesederako bakarrik izan beharrean denon esku egon zitezen. Horregatik, esaten dugu bigarren belaunaldi horretako eskubideak berdintasunerako eskakizunen multzoan sartzen direla.
Hirugarren belaunaldia: Elkartasunerako eskubideak
"Hirugarren belaunaldiko" eskubideen arabera gizaki guztiek dute eskubidea ingurune osasuntsu batean jaio eta bizitzeko. Kutsadura eta zaratarik gabeko ingurune batean eta bakean dagoen gizarte batean jaio eta bizitzeko eskubidea ere badute. Eskubide horiek ez dira oraindik nazioarteko adierazpen batean jaso, baina aurrekoak bezain funtsezkoa dira: izan ere, kutsatutako ingurune batean edo gerra dagoen leku batean bizi denak nekez erabil ditzake lehenengo eta bigarren belaunaldietako eskubideak.
Nazioarteko elkartasuna funtsezkoa da hirugarren belaunaldiko eskubideak erabili ahal izateko. Nola lor liteke ingurumeneko kutsadura kentzea, herrialde batzuek ez kutsatzeko konpromisoa hartu arren, beste batzuek hartzen ez badute? Nola lor liteke gerrak betiko amaitzea, herrialde guztiek arma-trafikoa kontrolatzeko konpromiso tinkoa hartzen ez badute?